Zatoz gu ezagutzera

mapa
mapa

Kontraste handiko herrialdea

Euskadi globoko eremu epelean kokatuta dagoenez, bertako klima-egoera pribilegiatua da, eta urtaroak gorabehera handirik gabe igarotzen dira bata bestearen atzetik. Euskadi ezusteko bazterrak dituen herrialdea da, honako ezaugarri hauei esker: klima epela, itsaso harroa, herriak, mendiak eta landaretza hostotsua.

Zirimiriak natura emankorreko lurraldea ureztatzen du, eta Pirinioetako mendebaldeko luzapenetik aurrera dago egituratuta. Izan ere, benetako bizkarrezurra da, eta bi isurialdeak, kantauriarra eta mediterraneoa, ondo bereizitako bi arlo sozialetan banatzen ditu.

Batetik, Ipar Euskadi. Kantauri itsasora doazen urek bustitako lurralde estua, itsasertza da, eta, ekialderago dagoen guneari, gainera, Bizkaiko Golkoa esaten diote. Bertako biztanleen eta itsasoaren arteko komunikazio sinbiotikoaren ingurunea da, eta zeresan handia izan du giza eremu handiak eta hiriko, industriako nahiz merkataritzako jarduera dinamikoak garatzeko orduan.

Bestetik, Hego Euskadi. Hegoaldean, Ebro ibaia du mugakide, eta urak bertara iristen dira, eremu zabal handiko lurraldea ongarritu ondoren. Lur hau ez dago hain urbanizatuta, nekazariagoa da eta bertako habitatak zenbait tamainatako guneetan daude pilatuta.

Bere tradizio eta eskubideen babespean, Euskadiko egituraketa politikoa hiru Lurralde Historikokoa da: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Hirurek euren administrazioa eta legegintza-organoak dituzte, hain zuzen ere. Honako hauexek dira bertako hiriburuak: Vitoria-Gasteiz, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiriburua, Eusko Jaurlaritzako zein Eusko Legebiltzarreko egoitza eta hirigintzako garapenaren eredua; Bilbo, herrialdeko hiriburu industrial eta finantzarioa; eta, Donostia, hiri moderno bezain dotorea eta munduko paisaia natural ederrenetakoa daukan ingurunea.

Bizkaia duzu zain

Bizkaiak besoak zabalik hartzen ditu bisitariak, bertako parajeez, herritarrez eta kulturaz gozatuko duten zain.

Bizkaia Iberiar Penintsulako ekialdeko isurialde atlantikoan dago kokatuta, eta milioi batetik gora biztanle ditu. Arabako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoekin batera, Euskadiko Autonomia Erkidegoa eratzen du, eta bertako hizkuntza ofizialak gaztelania eta euskara dira.

Bilbo Bizkaiko hiriburua da, baita Euskadin biztanle gehien duen gunea ere. Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren inguruan dago kokatuta, eta, mendeen joan-etorrian, kanpokoekin eduki duen zilborrestea izan da. Hori dela eta, Euskadiko hiriburu finantzario eta ekonomikoa da, baita enpresa zein merkataritzaren arloko topagunea ere.

Bizkaiko industria teknologia aurreratuen sektoreetarantz ari da bilakatzen: elektronika, informatika, makina erreminta, telekomunikazioak eta bioteknologia. Horrez gain, tradizio handia dauka ontzigintzan, burdingintzan eta metalgintzan. 90eko hamarkadaren hasieratik, euskal sektore industrial nagusiek “klusterrak” (erakunde sektorialak) sortu dituzte, sektoreko enpresen arteko eta enpresa horien eta hirugarrenen arteko lankidetza tekniko zein komertzialean oinarritutako industria garatzeko asmoz. Jakintzaren Klusterra horren adierazgarri da, hain zuzen ere. Ekimen aitzindaria izan da Europan, eta euskal gizartean sortutako jakintza osoa kudeatzeko estrategia garatzea du helburu nagusi. Hartara, enpresen munduan eragina duten aldaketak egin eta kudeaketarako euskal think tanka ezarri ahal izango du.

Kostalde basatia

Urre-koloreko hareadun 29 hondartzak, itsaslabar malkartsuek eta eremu naturalek Bizkaiko itsasertza osatzen dute 150 kilometrotan zehar.

Kostaldean, lurraldeko zenbait ikur ere badaude ikusgai: Gizakien Ondare izendatutako Bizkaia zubia eta Picassok bere margolan ospetsuan irudikatutako 1937ko bonbardaketagatik sinbolismo handia daukan Gernika-Lumoko herria. Horrez gain, edertasun handiko paisaiak ere eskaintzen dizkigu itsasertzak; esate baterako, Gaztelugatxeko San Joaneko eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako irudi garbiak. Eremu natural bikainak dira, baita, hegazti migratzaileen babeslekua ere bai.

Era berean, Bizkaiko barrualdea ere bada erakargarria, bertan Erdi Aroko hiribilduak eta parke naturalak daude-eta. Durangaldea, Arratiako bailara eta Enkarterri landa-inguruneko Bizkaiaren adierazgarri dira, eta bertako ondare historiko zein kulturala handi-handia da. Durangon, Elorrion, Otxandion, Urduñan eta Balmasedan, esaterako, jauregiak, armarridun etxeak, harresiak eta elizak dira nagusi, eta, Bizkaiko arkitekturako benetako bitxiak direnez, harri eta zur uzten dituzte bisitari guztiak.

Gaur egun, 2 milioitik gora lagun bizi dira Euskadin. Gutxi gorabehera, kilometro koadroko 300 biztanle daudenez, Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik dagoela esan daiteke. Biztanle gehienak iparraldeko hirigune handietan bizi dira, Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteiz inguruan.

 

Bazkideak

  • bbk
  • beaz
  • biogune
  • Universidad de Deusto
  • Gamesa
  • Tecnalia
  • idom
  • itp
  • sener
  • upv
  • iberdrola
  • IK4

bizkaia:xede
Parque Tecnológico de Bizkaia
Edificio 804 Módulo 300
Laga Bidea 48160 Derio

T. +34 94 479 54 28
F. +34 94 431 71 38
info@bizkaia.xede.org