ALDUNDIAK TALENTIA PROGRAMAKO PARTAIDEEI LEHENTASUNA EMANGO DIE BIKAINTASUNEKO BEKAK LORTZEKO ORDUAN

Back
TALENTIA Programa
TALENTIA Programa
  • Euskadiko hiru unibertsitateek (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) lehenengo aldiz hartzen dute parte batera Aldundiarekin batera programa honetan.
  • Talentiaren helburua: potentzial handiena duten Euskadiko ikasle unibertsitarioak Bizkaiko enpresa eta zientzia-teknologiako errealitatera hurbildu eta harekin lotzea.
  • Aurreko bi edizioetan parte hartu zuten ikasleetatik % 82 baino gehiagok sei hilabete baino lehenago aurkitu dute lana eta % 90ek Bizkaian egiten dute lan. Datu horiek argi eta garbi erakusten dute talentuaren aldeko apustu honen arrakasta.

Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bizkaia:xede elkarteak abiaraziko dute hil honen amaiera aldean Talentia programaren hirugarren edizioa. Programak aurten 230 partaide izango ditu eta lurralde historiko honetako talentuaren aldeko apustuaren erreferente eta eredu moduan finkatu da.

 “Gaurko eta biharko enplegua gure lehengai nagusia –pertsonak eta pertsonen ezagutzak– zentzuz kudeatzeko dugun gaitasunaren menpe dagoelako uste sendoak eraginda, azken urteotan, bultzatzen dihardugun lanaren barruan sartu behar da programa hau. Pertsonen talentua da egungo ekonomi egoera berriaren baliabide estrategikoa, eta prestakuntza eta ezagutzaren aldeko apustua egin dutenei aukerak eskaintzea da gure erantzukizuna" azaldu du Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak programa honen hirugarren edizioaren aurkezpeneko ekitaldian.

 Aurkezpen horretan Deustuko Unibertsitateko erretoreordea, Jose Luis del Val, EHUko erretoreordea, Carmelo Garitaonaindia, eta Mondragon Unibertsitateko Goi-mailako Eskola Politeknikoko zuzendaria, Bixente Atxa, izan dira, Bizkaia:xede elkarteko Ivan Jimenez kudeatzailearekin batera. Bestetik, aurreko edizioetan parte hartu duten hiru talentu gazte ere izan dira aurkezpenean: Leticia Campos, Alberto Ruiz eta Nagore Bilbao. Hirurek programan izandako esperientzia azaldu dute.

Partaide horien guztien aurrean, Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak unibertsitateko ikasleen artean bikaintasuna sustatzeko banatu ohi dituen Bikaintasun Bekak emateko orduan lehentasuna emango zaiela Talentia programan parte hartu dutenei. Neurri hori indartzera dator foru erakundeak EAEn bakarra den programa eraberritzaile eta gero eta arrakastatsuago honi ematen dion bultzada.

Aurreko edizioetan parte hartu duten ikasleetatik % 82 baino gehiagok sei hilabete baino lehenago aurkitu dute lana eta % 90ek Bizkaian egiten dute lan. Datu horiek argi erakusten dute programaren arrakasta. Gainera, programak pozik utzi ditu programan parte hartu dutenak: hamarretik zortzik beste ikasle batzuei ere gomendatuko liekete.

Horrek guztiak finkatu egiten du duela urte batzuk Bizkaiko Foru Aldundiak hasitako talentuaren aldeko apustua, eta etorkizunean ere eutsi egingo zaio apustu horri, ekonomi suspertzea lortzeko eta etorkizun oparoago bat bultzatzeko beste neurri bat legez. “Ez da geldirik egoteko garaia. Alderantziz. Denbora aprobetxatu egin behar dugu eta suspertze-unerako prestatu beharra daukagu. Alternatiba berriak bilatu behar ditugu, nahitaez, gure ehun ekonomikoa ahalik eta lasterren egungo abagunerako irtenbidea aurkitzeko gai izan dadin. Eta horretarako talentua eta pertsona prestatuak behar ditugu. Gure gazteriarentzako aukera handia da Talentia", azpimarratu du Imanol Pradalesek.

Hil honetatik maiatzeraino luzatuko da Talentia programa, eta epe horretan karrera amaierako ikasleek honako gai hauek jaso ditzakete: lan eta lanbiderako orientazio pertsonalizatua; lanbide-tailerrak, euren etorkizun profesionala prestatzeko tresna erabilgarriak izango zaizkien mintegi tematikoak eta hitzaldiak; Bizkaiko enpresa eta zientzia zein teknologiako proiektuen ezagutza; Euskadiko enpresa, eta gizarte eta zientzia arloetako pertsona esanguratsuenganako hurbilketa.

Aurten, 230 ikaslek izango dute programa honetan parte hartzeko aukera. Gehienak, % 45,6, Ingenieritzako edo teknologiako karrerak egiten ari dira; % 19,5ek Zuzenbidea edo Enpresa-Ikasketak egiten dituzte; % 6,5 Psikologia ikasketatik datoz; % 4,3 Giza-zientziak eta Soziologia adarretik; eta % 2,1 Kazetaritza eta Ikus-entzunezkoak ikasten ari dira.

Edizio honetako agenda

Talentia programaren aurtengo edizioko jarduera-egitarauaren barruan psikologia, gizarte lana eta gizarte-hezkuntza, ingenieritza, ekonomia, antolaketa eta diseinu industriala edo arte eta sorkuntza, besteak beste, gaietako tailerrak egingo dira.

Bestetik, hainbat erakunde bisitatuko dira, hala nola: ITP, CIC Biogunem Neiker, BTEK, Tecnalia Research & Innovation, Tekonogia Interpretazio Zentroa edo Guggenheim, Museoa,…

Bide beretik, aurtengo edizioko partaideek hainbat profesional ospetsu ezagutu ahal izango dituzte: Koldo Saratxaga, Pedro Luis Uriarte, Javier Ormazabal, Mikel Urizarbarrena edo Txomin Garcia, besteak beste. Baita ere Feliz Goñi zientzialaria, Xabier Uribe-Etxeberria ekintzailea eta Josu Zabala errektorea, beraiek izango baitira Talentia programari Deustuko Unibertsitatean, EHUn eta Mondragon Unibertsitatean, hurrenez hurren, hasiera emateko arduradunak.

Other B:X news

CALL FOR EXPERTS - BIZKAIA:XEDE IF YOU ARE AN SPECIALIST IN ANY OF THESE AREAS, PLEASE INSERT THE INFORMATION IN; http://www.bizkaiaxede.org/es/expertos.php

Further information
NOTA INFORMATIVA - PROGRAMA DE AYUDAS 2013 Debido al volumen de solicitudes recibidas nos vemos obligados a retrasar la resolución del Programa de Ayudas para investigadores 2013. Bizkaia:xede, notificará la relación de...

Further information
Results 1 a 2 de 35
NextLast

Partners

  • bbk
  • beaz
  • biogune
  • Universidad de Deusto
  • Gamesa
  • Tecnalia
  • idom
  • itp
  • sener
  • upv
  • iberdrola
  • IK4

bizkaia:xede
Parque Tecnológico de Bizkaia
Edificio 804 Módulo 300
Laga Bidea 48160 Derio

T. +34 94 479 54 28
F. +34 94 431 71 38
info@bizkaia.xede.org